XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EZKONTZAREN ZEREMONIA

Ezkontza prestaketa

Ezkontzako prestaketei dagokienez mende honen lehenengo urteetan kokatuko gara ezkontza hitzarmenetan gura soek parte hartzen zutenean notario aurrean egiten zutela jakiteko. Momentu horretan izendatzen zuten maiorazgoa, hau da, semerik zaharrena eta baserriarekin geratzea tokatzen zitzaiona.

Maiorazgoak baserria utzi behar izaten zuenetan bigarren semeari tokatzen zitzaion eta horrela hurrenez hurren. Seme zaharrenak baserriarekin geratzerakoan dotea ordaindu behar izaten zien gainontzeko anaiei.

Gurasoek testamentua egiten zutenean berdin banatzen zieten seme-alaba guztiei. Gertatu izan zen arren maiorazgoa ez zen beste seme bat gogokoen izatea gurasoek. Honelako kasuetan maiorazgo izan behar zuenari dote berezia ematen zioten eta gogokoen zuten seme edo alaba horri baserria uzten zioten.

Mende honen erdi aldera kontatzen zaigu, ohikoena ez zen arren, batzutan bi familiak elkartu eta bakoitzak ezkontzara zer eramango zuen zehazten zutela. Baserri giroan jarraitzen zuen baserriak maiorazgoarentzako izateko ohiturak baina baserrikoa ez zen jendearen artean ez zen oinordekorik aukeratzen.

Gaur egun baserri giroan ere ez da ezagutzen gurasoek parte hartzen dutenik ezkontza-hitzarmenetan.